Ikusmen urritasuna ikusmen funtzioaren mugatze erabatekoa edo oso larria da. Ikusmen galera arinaren eta erabateko itsutasunaren arteko maila guztiak hartzen ditu barne.

Ikusteko urritasun gradua bi parametro kontuan izanda neurtzen da, batera edo bereizita aztertu daitezkeenak:

Ikusmen-zolitasuna: distantzia labur zein luzean objektuen xehetasunak eta formak bereizteko trebetasuna da.

Ikuseremua: begiak puntu finko batera begiratzean hautematen duen eremua da.

Ikusmen funtzioa ikusmen-organoaren (begi-globoa eta ikusmen-nerbioa) gaitz batengatik zein jatorri neurologikoa duten beste zergati batzuengatik egon daiteke kaltetuta. Beste alderdi garrantzitsu batzuk begien eta betazalen muskulu-kontrolarekin zerikusia dutenak dira. Izan ere, burmuinak hiru dimentsioko irudi perfektu bat sortzeko begien mugimendua automatikoa, berezkoa eta koordinatua izan behar da.

Aipatutako faktoreak eta pertsona bakoitzak bere ikusmena erabiltzeko duen trebetasuna dira ikusmen funtzionamendua definitzen dutenak. Beraz, ikusmen funtzionamendua ez dago zuzenean patologiek baldintzatua.

Oro har, bi termino erabiltzen dira ikusmen urritasuna duten pertsonei buruz hitz egiterakoan: ikusmen murriztua eta itsutasuna.

Ikusmen murriztua: zuzenketarekin 0.4 baino baxuagoa den zolitasun maximoa eta 0.05 baino altuagoa den zolitasun minimoa daukaten kasuak hartzen ditu barne, edo finkatze-puntuarekiko 10 eta 20 gradu arteko ikuseremua daukatenak.

Itsutasuna: 0.05eko maximotik argia ez hautematera arte doazen kasuak hartzen ditu barne, edo finkatze-puntuaren inguruan 10 gradu baino gutxiagoko ikuseremua daukatenak.

Hezkuntzaren alorrean pertsona bat itsua dela iritziko dugu bere ikasketa eta inguruarekin harremanentzako lehentasunezko bidea ukimena denean, eta bere irakurketa-idazketa sistema, braillea.

OINARRIZKO KONTZEPTUAK

– Zenbat eta gazteagoa izan umea, orduan eta azkarrago ematen dira aurrerapenak ikusmenaren erabileran.

– Ikusmen-hondarra erabiltzeak ez ditu begiak kaltetzen. Alderantziz, zenbat eta gehiago erabili, orduan eta aukera gehiago dago ikusmen funtzionamendua hobea izateko. Ikusmenaren erabilera sustatu behar da zeregin eta jarduera guztietan, baita objektuak edo marrazkiak bereizteko gaitasuna daukaten ziurra ez denean ere. Itxaropen faltak aurrerapen eza dakar.

– Ikusmen funtzionamendua egun batetik bestera edo egoera batetik bestera aldatu daiteke, eta posible da ikusmen arreta eskatzen duten ariketak egin ostean neke zantzuak agertzea. Esaterako, irakurketan lerro-jauziak, duda-mudak etab. gertatu daitezke. Kasu hauetan komenigarria da ikusmenaren aldetik eskakizun gutxiago daukan ariketa batekin jarraitzea.

– Ikusmen urritasuna duten ikasleen hezkuntza-prozesuan entzumenak dauka paper nagusia. Horregatik, beharrezkoa da inguru lasaia izatea, eta arreta berezia eskatzen duten momentuetan zarata kontrolatzea.

– Gailu optikoek (betaurrekoak, Iupak, etab.) ez dute ikusmena itzularazten, ikusmen-hondarra hobetzeko lagungarriak baino ez dira.

– Begiratzeko orduan, ikasle batzuek zuzendu behar ez zaizkien jarrera “arraroak” hartuko dituzte: paperera gehiegi gerturatu, burua alde batera bota, begiak txilotu etab.

– “Begiratu” eta “ikusi” hitzak hizkera arruntaren baitan daude, eta beraz, naturaltasun osoz erabiltzea komeni da.

– Ikusmen urritasunaren edo itsutasunaren ezaugarri bereizgarrietako bat imitazio edo eredu bitartez ikasten diren gaitasunak eskuratzeko edo jarduerak gauzatzeko zailtasuna da: ahozko komunikazioaren lagungarri diren aurpegierak zein keinu eta gorputz jarrerak eta hauen esanahia, eguneroko ekintzak, bizitzarako gaitasunak (jantzi, garbitu, jan), etab. Horrelako ikasketetan, fisikoki edota hitzez lagundu behar diogu. Esaterako, erabat itsua den pertsona baten joera bere solaskideari ez begiratzea da; berezkoa zaion jarrera burua makurtzea edo belarria hitz egiten dion pertsonarengana zuzentzea da. Ikusmen murriztua duen edo itsua den umeari objektuekin eta bereziki pertsonekin begirada mantentzen erakutsi behar zaio.

NOLA IKASTEN DU?

… posible den guztietan gauzetara gerturatzea baimendu edo gauzak hurbildu, bere inguruko elementuekin kontaktu zuzena errazteko;

… egoera bakoitzean ikusmenaren bitartez iristen ez zaiona ulertzeko behar duen informazioa hitzez adierazi eta aurreratu;

… ez babestu gehiegi, horrek bere garapen pertsonala zailduko baitu (mugikortasuna, mota guztietako ikasketak, gizarte-harremanak, etab.) : autonomia eta sozializazioa erraztuko dizkiogu, momenturo pasibotasun eta esperientzia faltari ihesi. Horretarako, alor pertsonalean, hezkuntzakoan zein sozialean eman daitezkeen egoerei aurre egiteko beharrezko jarraibideak emango dizkiogu;

… segurtasuna eman, momentu bakoitzean behar duen informazioa eta egokia den baliabidea dituela egiaztatuta, eta erabili egiten dituela bermatuta;

… behar badu laguntza eskatu dezakeela adierazi eta erraztu.

HEZKUNTZA PREMIAK

Ikasi behar dutena

… Espazioan orientatzen eta modu independente, seguru eta eraginkorrean mugitzen.

… Zainketan, elikaduran, harremanetan etab. autonomoak izaten.

… Ikusmenaren edo ukimenaren bidez hautematen dutena interpretatzen.

… Ingurua ezagutzeko zentzumen guztiak erabiltzen, ikusmen eza gainerakoen bidez jasotzen duten informazioarekin konpentsatuz.

… Beharrezkoa bada ordezko irakurketa-idazketa sistema bat erabiltzen, braillea.

… Eskolako lanak egiterakoan eraginkorrak izaten, ordenagailua bezalako baliabide teknikoak edo ahozko liburua bezalako ikasketa teknikak erabiliz.

… Eguneroko bizitzako egoera ezberdinetan bere ikusmenaren mugak identifikatzen.

EGIA ALA GEZURRA

Ez da egia. Pertsona itsuek gainerako zentzumenak gehiago garatzen dituzte informazioa jasotzeko, inguruarekin harremantzako eta ikasketetara sarbidea izateko beste bide batzuk behar dituztelako.
Egia da. Edozein haurri bezala, beharrezkoa zaie ahora objektuak eramatea hauek arakatzeko. Hala ere, ohitura horrek denbora gehiago iraungo die, eta adinagatik onargarritzat jotzen ez denean eragozten hasi beharko da.
Egia da, baina ez da asmakizunetara jolastu behar. Hobeto da aurkeztu eta beraiekin hizketan ari garela nabarmentzea.
Ez da egia. Ikusi eta begiratu hitzak naturaltasun osoz erabili behar dira. Pertsona itsuek ukimenaren edo entzumenaren bitartez “hautematearen” zentzua emango diote.
Egia da. Garrantzitsua da fisikoki eta hitzen bitartez laguntzea, keinuak eta aurpegierak, gorputz mugimenduak edo ohiko ekintzak ikas ditzaten. Esaterako, nola agurtu, nola mugitu gorputza musika dagoenean, nola jarri prakak, nola zerbitzatu ura edalontzi batean…
Egia da. Zenbat eta ikusmen esperientzia gehiago izan, eta zenbat eta azkarrago ikusmena estimulatu, orduan eta ikusmenaren funtzionalitate hobea izango dugu.
Ez da egia. Ikusmen gaixotasun guztiek ez dute errefrakzio arazorik sortzen, eta beraz, batzuetan betaurrekoak ez dira lagungarriak.