Ikusteko urritasuna duten ikasleak hezkuntzan barne hartzeko baliabidetegia

Bilboko IBT-CRI Eusko Jaurlaritzaren hezkuntza sailaren laguntza-zerbitzu bat da, Bizkaiko hezkuntza zentro ez unibertsitarioetan eskolatutako ikusmen urritasuna duten ikasleei zuzendua.

30 pertsona baino gehiagok osatutako lantaldea gara ikusmen murriztuaren eta itsutasunaren alorrean espezializatuak eta trebatuak: irakasleak, transkribatzaileak/material egokitzaileak eta teknikari adituak.

Umeak oftalmologia, pediatria edo beste zerbitzuren batek hala adierazita iristen dira IBT-CRIra, edo eskolatuta dauden hezkuntza zentroari dagokion Berritzeguneko hezkuntza premia berezien aholkularitzaren bitartez.

IBT-CRIren historia

1981ean IBT-CRI zentroak helburu honekin jarri ziren funtzionamenduan: ikusmen urritasuna duten seme-alaben familiei erantzuna eman eta haien seme-alabak bere familiengandik hurbil eta bere ingurune sozialean ikasketak egin zitzaten. Ordura arte, ume itsuek ONCEk Alicanten, Bartzelonan, Pontevedran, Madrilen eta Sevillan zituen ikastetxe berezietan ikasten zuten. Hori horrela, ikusmen urritasuna zuten ikasle askok ez zuten arreta berezirik jasotzen.

Hiru Lurralde Historikoetan sortutako guraso-elkarteak eta laguntza eman zieten beste hainbat pertsona, sortu-berri zen Eusko Jaurlaritzarengana zuzendu ziren proiektu bat aurkeztera. Proiektu horren xedea, ikusmen urritasuna zuten ikasleak hezkuntza sistema arruntean barneratzea zen.

1981eko urtarrilean, laguntza-irakasle talde bereziak ikusmen urritasuna zuten eta itsuak ziren ikasleekin lan egiten hasi ziren beraien ikastetxeetan.

Esperientzia hau baikorra izanik, honekin jarraitzea erabaki zen eta 1981/82 ikasturtetik aurrera (integrazio eredua) hezkuntzan barne hartzearen eredua ezartzen da. Hasieran, itsu legalei, hau da Oncera afiliatuak ziren ikasleei baino ez zitzaien arretarik ematen. Bizkaian, esaterako, 21 ikasle eta Eusko Jaurlaritzako langile ziren 6 irakaslerekin hasi zen lanean.

Lan honek laister eman zituen bere fruituak. Erakundeek, hau da, Hezkuntza Sailak, Foru Aldundiak, Udalak, Oncek eta proiektuaren bultzatzaile eta ekintzaile zen guraso elkarteek gogoz jarraitu zuten aurrera diru laguntza, egoitzak, irakasleentzako prestakuntza, baliabide material eta teknikoak eskainiz. Azken finean, proiektu berri hau zainduz, zuzenduz eta goxatuz. 1984an Euskal Autonomia Erkidegoko hiru Lurralde Historikoetan Itsuentzako baliabidetegiak 161. zk. dekretuaren bitartez ofizialki sortu ziren (1984ko urriaren 4an). Guzti hau, Erakundeen, arduradun eta langile, eta bereziki Hezkuntza Sailburua zen Pedro Etxenike Jaunaren ekimenari esker izan zen posible.

Gertakizun aipagarriak:

(1996an) Hezkuntza Sailaren eta ONCEren arteko hitzarmena: instituzio bi hauen lankidetzari esker hezkuntzan barne dauden ikusmen urritasuna duten ikasleek beharrezkoak diren baliabide guztiak jasoko dituzte.

(2000an) Hezkuntza Sailaren eta Osakidetzaren arteko hitzarmena: Eusko Jaurlaritzako bi zerbitzu hauen arteko harremana ziurtatuko da, ikusmen urritasuna duten ikasle hauen garapen orokorraren onerako.

40/2005 Dekretua: Ikusteko urritasuna duten ikasleak hezkuntzan barne hartzeko baliabidetegiak sortzen ditu. Orain arteko Haur itsu eta anbliopeak eskolan integratzeko baliabidetegiak gaur egungo euskal hezkuntza-sistemaren antolaketarekin bat etor daitezen.

Bilboko IBT-CRIak, gaur egun Bizkaiko Lurralde Historikoan, 200 ikasle baino gehiagori eta hauen ikastetxeen premiei erantzuten die.